XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ah! erantzun zian besteak. Nahi baduzue segi lehorrera eta gelditu bertan, baina honoko itsasuntzi hau bazihoak ostera gehiagoren bila, zer arraio ordea!.

Hitz horiexek esan zizkian.

Begira, orain hiru urte, beste itsasuntzi batean nintzela, uharte hau begiztatu genian.

Mutilak esan nian nik, hortxe zegok Flinten altxorra; jaitsi eta bila dezagun.

Kapitaina ez huen batere gustora, baina nire adiskide guztiak konforme hituen eta jaitsi egin gintuan.

Hamabi egun pasa genizkian haren bila, eta egunak joan eta egunak etorri, eta itsusikeriarik haundienak entzun behar nik, harik eta, azkenean, goiz zorioneko batez, gizon guztiak itsasuntzira igo ziren arte.

Aizak hi, Ben Gunn esan ziaten, to mosketea horixe esan ziaten, torizkik pala eta pikotxa ere.

Geldi hadi bertan, eta bila ezak herorrek Flinten dirua.

Begira, Jim, hiru urte bota dizkiat hemen, eta hasieratik hasi eta gaur arte kristau mokadu bakar bat ez diat probatu.

Baina, zera, begira; begira niri.

Mariñel arrunt baten itxura hartzen al didak?

Ez, esango didak hik.

Izan ere, ez ninduan mariñel arrunta, esango diat nik.

Eta hartan, begiaz keinu egin, eta berealditako atximurra egin zidan.

- Hik esaizkiok hitz horiexek hire Squire horri, Jim jarraitu zuen.

Izan ere, ez baitzen mariñel arrunta, horrelaxe esan behar diok.

Hiru urtez bera izan da uhartean gizon bakarra, gau eta egun, hotz eta bero; eta batzutan zer gogoratuko eta errezo bat hik esaiok hori, eta beste batzutan zer gogoratuko eta ama zaharra, oraindik bizirik izango al da! holaxe esaiok; baina Gunnek denborarik gehiena holaxe esan behar diok beste zerbaitetan pasatzen zuen.

Eta orduan holakoxe atximur bat egingo diok.

Eta atximur egin zidan ostera konfidantza osoz.

- Gero jarraitu zuen, gero joan eta holaxe esaiok: Gunn gizon zintzoa da hik holaxe esaiok, eta azkozaz ere gehiago fio da gizaseme sortutako batekin beste fortunako gizaseme horiekin baino, bera era horietakoa izan zelarik garai batean.

- Begira esan nion, ez dizut esan didazun guztiaz zipitzik ere ulertu.

Baina hori da gutxienekoa; kontua zera da, nola itzuli behar dut itsasuntzira?